Juneren Hegoak.

Elkarteak Errenterian ospatuko du bere egun handia urriaren 15ean

 501 Legioko eta Indar Arrosako tropa inperialetako pertsonaia karismatikoak, R2-KT droidearekin batera, ospakizun honetara batuko dira The Pink Force fundazioari esker

Elipsis dantza taldeak eta Oihan Vega DJak musikaz eta dantzaz alaituko dute arratsaldea 

2022ko urriaren 15a.- COVID 19aren pandemiak behartutako bi urteko etenaldiaren ondoren, Juneren Hegoak elkarteak bere egun handia ospatuko du Errenterian datorren urriaren 15ean. Gernika Plaza alaitasunez, musikaz eta elkartasunez beteko duten ekitaldiz betetako eguna.

Gaurko prentsaurrekoan egon dira Maite Gartzia, Errenteriako Udaleko kultura zinegotzia; Alazne Mendikute, Juneren Hegoak-eko ekitaldien arduraduna; Gorka Lizaso, Elipsis Taldekoa, eta Andoni Serrano, The Pink Force fundazioko presidentea, R2-KT robotarekin batera.

Urriaren 15ean, larunbata, 10:30etik 13:30era, puzgarriak, eskulanak eta aurpegi margoketak egongo dira. Guuk Gipuzkoa Basketek ere bere lekua izango du, elkartearekin lankidetza hitzarmena baitu. Eguneko lehen zati honetako plater nagusia 501 Legioko eta Indar Arrosako tropa inperialetako pertsonai karismatikoen bisita izango da, R2-KT droidearekin batera, eta parte-hartzaileekin batera argazkiak atera ahal izango dira. 501 Legioa, sagaren jarraitzaileek osatua, The Pink Force Fundazioaren ekimena da. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta gaixo dauden haurrei poza eta ilusioa eramatea du helburu, baita ospitalean dauden bitartean ere. Une magikoak sortzen ditu R2-KT droidearekin egiten dituen topaketetan, eta haurren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten erakundeei ikusgarritasun handiagoa ematen die.

Arratsaldean, 17:00etan, Elipsis Taldeak dantza erakustaldia egingo du. Ondoren, Joxan Campano pandemian hil zen Juneren Hegoak elkarteko kideari omenaldia egingo zaio. Urrezko amaiera Oihan Vega DJak jarriko du. Luisma Laboa kazetariak egingo du speaker lana eta berak aurkeztuko ditu ekitaldiak eta bertan daudenak animatu.

Egun osoan zehar, Mindara, Bihotzez, Bpanspain (Juneren Hegoak-eko umeen familietako bat ere badena) eta Mowat Wilson Sindromearen Espainiako Elkartea (AESMOWI) izango dira Gernika Plazan, informazio postuekin eta merchandising-ekin. Eguraldiak lagunduko ez balu, jarduera guztiak Koldo Mitxelena ikastetxera eramango lirateke.

Alazne Mendikutek, Juneren Hegoak-eko ekitaldietako arduradunak, Errenteriako eta inguruko herrietako herritar guztiei egunaz gozatzeko deia egin die: “Gogotsu eta indar handiz itzuliko gara geldialdi luze baten ondoren. Herritar guztiei irekitako ospakizuna da, eta bertan izango dira gure boluntarioak eta familiak. Beraz, aukera ona da oraindik ezagutzen ez gaituztenak urriaren 15ean Gernika Plazara hurbildu eta elkartean zer egiten dugun ikusteko. Gure boluntarioek lan goresgarria egiten dute, baina beti daude ongi etorriak lagundu nahi duten pertsona berriak.”

Maite Gartzia Errenteriako Udaleko kultura zinegotziak, berriz, azpimarratu du: “Udalak eskerrak ematen dizkio Juneren Hegoak-i egiten duen lana guztiagatik. Guretzat harro egoteko modukoa da horrelako elkarte bat izatea, bere balioekin eta, gainera, herriarentzat hainbeste lan egiten duena.”

Juneren Hegoak gaixotasuna duten haurrei eta haien familiei laguntzeko elkarte bat da, galera batetik, Juneren gaixotasunaren (minbizia) ondoren egindako agurretik eta aitaren eta amaren maitasun izugarritik jaio zena. Txikiari agur esan behar izan zioten laster, 2013an. Gaixotasun bat duten eta edozein motatako baliabiderik ez duten haurren familiei estaldura ematea izan du helburu beti.

Iaz, erakundeak 27 familia artatu zituen (2021ean 4 familia berriak sartu ziren), eta horiei laguntza ekonomikoa eman zien terapiak ordaintzen eta laguntza ez ekonomikoak ematen, hala nola laguntza asistentziala eta aholkularitza. Guztira, 30.000 euro baino gehiago eman zituen, familiei, beste GKE batzuei eta ikerketarako (Beca June Sánchez Tolaretxipi). Gaur egun 50 pertsona boluntario daude elkartean eta 700 teamers inguru ditu, hau da, Juneren Hegoakeko familiei laguntzeko Teaming bidez elkarteari hilean euro bat ematen dioten personak. Partikularren eta erakunde publiko eta pribatuen laguntzak eta dohaintzak ere jasotzen ditu.